Larresoro

Larresoro

1994.urtean egin zen bi udalen arteko senidetza.

Aurretik, Tolosan antolatzen den 24 orduko martxan hasi zen bi herrietako biztanleen arteko harremana.

 

Ordutik, urtean zehar bi ekintza nagusi antolatzen dira. Bata Larresoron eta bestea gure herrian bertan.

Elkartrukea egiten da, maiatza aldera, Leaburu-Txaraman Larresororekin elkartasun eguna antolatzen dugu eta uztailan Larresoron antolatzen den Eki-Lore festara gonbidatuak izaten gara gu. Gainera bi herrietan urtean zehar antolatzen diren ekintzetan ere parte hartzea zabaltzen da. Larresorotik San Pedro festetan edota Azoka egunean bisitan etortzen direlarik.

Guelta

 

Guelta (Saharar errefuxiatu kanpamenduetan)

Saharar errefuxiatu kanpamentuetan dago kokatua Guelta herria, nahiz eta benetako Guelta Mendebaldeko Saharan egon. Herri honekin senidetzea saharar herriarekiko konpromezu politiko moduan etorri zen.

Udala jakitun da, saharar herriak bizi duen egoera.

 

1975etik hiru eremuetan bizitzera behartuak izan dira sahararrak. Ordurarte espainiar probintzia zena, Marokok erasotu zuen kolonizatzeko asmoz “martxa berdea” deritzona erabiliz. Sahararrak NAPALM eta fosforo txuriz erasotuak izan ziren eta ihesik atera ahal izan zutenak Argeliak utzitako lurzati batean babestu ziren. Ihesik ateratzeko aukerarik izan ez zutenak okupatutako saharan bizirauten dute, Marokoko bandera, lege eta presiopean (torturak, atxiloketak, jipoiak eta desagerketak eguneroko ogi direlarik).

Erbestean, hondarra eta harriak soilik zeuden tokian, gaur egun saharar errefuxiatu kanpamentuak osatu zituzten. Bertan bost probintzia eta eremu administratibo bat dute. Probintzia bakoitzean 6-7 herri daude eta horietako bakoitzean haurtzaindegia, eskola, udaletxea eta anbulategia daude. Erbestean gobernu bat sortzea lortu dute. Baina bertan dagoen guztia kanpo laguntzatik dator, kanpo laguntza ezinbestekoa da bertan bizirauteko.

 

Herriaren, instituzioen…laguntza behar dute, baina batez ere beraien helburuaren aldeko konpromezu politikoa behar dute. Konpromezu politikoak sahararrak Mendebaldeko Saharara itzularaziko bait ditu.